Artaxoako ekonomia, Nafarroako herri gehienetakoa bezalaxe, nekazaritzara lotuta egon da historikoki. Nolanahi ere, nekazaritzak halako bilakaera izan du, gaur egun hogeita hamar pertsona ere ez direla ekonomia-jarduera horretan esklusiboki aritzen direnak.

Gaur egun, dibertsifikazio handiko ekonomia dago Artaxoan, baina, jarduera guztien artean abeltzaintza da nagusi, txerri-, behi- eta ardi-ab. Pentsa, herrian hogeita hamar mila abelburu baino gehiago dago. Ez da gutxi.

Industriaren sektorean ere aldatu egin da, krisi handi batean sartuta baikaude orain eta, ondorioz, sektore horretan aritzen zirenek Iruñera, Tafallara edo Azkoinera joan behar izan dute lanera. Beheraldi honi eutsi dioten bakarrak enpresa txikiak izan dira (familia-enpresak). Horien artean, nabarmentzekoak dira, beraien produktuengatik, kirolean aritzeko palak egiten dituen enpresa bat, turroia eta pastak egiten dituen enpresa bat, eta artisau-produktuak egiten dituen beste enpresa bat.

Zerbitzuen sektorea, alabaina, indarrez suspertzen ari da. Badira zenbait taberna, jatetxe, landetxe, harategi, supermerkatu, artisau-gozotegi, produktu tradizionalak, eta beste batzuk.

Herrian tinko dirauen beste sektore bat eraikuntzarena da. Pertsona ugari aritzen dira sektore horretan, eta hainbat enpresa daude, herrian bertan zein herritik kanpo lan egiten dutenak.

Nabarmentzekoa da, azkenik, herriak garrantzi handiko zenbait ekarpen egin dituela Nafarroako nekazaritza-kooperatibismoaren arloan, honako hauek guztiak Artaxoan sortu baitira: 1904ko azaroaren 10ean, Cooperativa Agrícola Caja Rural kooperatiba; 1939ko abenduaren 3an, Bodega Cooperativa San Francisco Javier ardandegia; 1944ko azaroaren 24an, Trujal Cooperativo nuestra Señora de la Merced errota; 1962ko abuztuaren 6an, Cooperativa Trilladora Nuestra Señora de Jerusalén kooperatiba; eta, 1965ko uztailaren 3an, Cooperativa Conservera San Saturnino kooperatiba. 2004. urtean, Cooperativa Agrícola Caja Rural kooperatibaren mendeurrena ospatu zen, ondo ospatu ere, Nafarroan bi besterik ez baitira kreditu-atala duten era horretako kooperatibak, eta, esan bezala, Artaxoan sortua da horietako bat.

Artaxoako Industriak