Artaxoa herri txiki bat da, Iruñetik 30 kilometrora dagoena. Muino baten gainean dago, eta, goiko aldean, Erdi Aroko gotorleku zoragarri bat du. Hor egonda, erraza da begiak ixtea eta errege-erreginak, nobleak, gotzainak eta aita santuak imajinatzea han barna.

Artaxoako Zerkoak –horrela esaten baitzaio XI. mendeko gotorleku zoragarri horri– nagusitasunez begiratzen dio maldan behera lautadara arte kale estu eta harriztatuen labirinto bat marraztuz hedatu den etxe eder eta jauregi dotoreen sareari.

1.700 biztanleko herria da Artaxoa eta “Zerkoaz” gain, baditu interes handiko beste eraikin batzuk ere, hala nola XVIII. mendeko hainbat jauregi, San Pedro eliza gotikoa eta, kanpoko aldean, Jerusalemgo Andre Mariaren basilika eta San Bartolome baseliza. Artaxoara bisitan joanda jakingo duzu zergatik diren hain garrantzitsuak horko kanpaiak, eta laia-lasterketak.

 

Nafarroako Erdialdean, Gares eta Tafallaren arteko bidearen erdian dagoen herri txiki honen harresiek historia asko gordetzen dute. Artaxoako kaleek Erdi Arora eramango zaituzte: lurralde-konkisten eta hitzarmenezko ezkontzen urte haietara; García Ramírez erregeak Artaxoa eman baitzion eztei-opari gisa bere emazte Urraca andreari.

Herria inguratzen duen harresi ikusgarria da Zerkoa, sarrera librekoa. Harresi multzo hori ikuste hutsak salatzen digu nolako borrokei ekin behar izan zieten artaxoarrek. Kale estuz osaturiko herria da eta haietan ugari dira horma armarridunak, etxe handiak eta jauregiak.

Erdi Aroaren xarmaz, usadioz eta historiaz ederki jantzitako kalea txikietan ibiltzean, oraina iraganera doala sentituko duzu, bai eta iragana guregana datorrela ere. Ibili kalez kale, esaterako, Eugenio Mendioroz karrika harriztatu aldapatsuan; ibili Kale Nagusian eta ikusi armarriz nabarmendutako aurrealde dotoreak dituzten etxe puska handiak eta jauregiak; edo ibili trazatu irregularreko San Pedro karrika meharrean.

Ikusi eskuin-ezker arku zorrotzaz edo erdi-puntukoaz apaindutako atariak dituzten eraikin ugariak, XVI. mendekoak; ikusi XVIII. mendeko armarri ikusgarriak, bai eta jauregi eta pasabideak ere.

Herriaren beheko aldean San Pedro Eliza dago, XIII. mendeko eraikin gotikoa. Atari ederra du eta Erdi Aroko dorre lerdena ere bai. Barnean erretaula, tailu barrokoak eta urregintza pieza batzuk gorde dira, denak nabarmenak. Barrura sartzeko, apezaren etxean giltza eskatu beharko duzu. Elizatik oso hurbil dago, 20 metrora, Foruen Plazan zehazki.

Artaxoatik kanpo, Iruñeko errepidean, Jerusalemgo Ama Birjinaren basilika barrokoa dago, 1709tik 1714ra eraikia. Aldameneko eraikinean bizi diren fraideek giltza utziko dizute barnera sartzeko eta, han, Ama Birjinaren tailu erromanikoa miresteko aukera izanen duzu, kobre esmaltatuan landua, herrian debozio handikoa

Kanpoan ere, baina Tafallako bidean, San Bartolome baseliza dago (XIX) eta, barnean, santu horren tailu handi-handia.

Ezkilak dira herriak dituen beste gauza erakargarri batzuk. Gaur egunera iritsi diren lauretatik bi estilo erromatarrekoak dira; zaharrena 1735ekoa da eta handienak 1.801 kilo pisatzen du. Gainera, artaxoarrak harro daude, haien esanetan ezkilak alderantziz jotzen dituen munduko leku bakarra delako.

Herriko jaiak irailaren 8tik 15era izaten dira, baina azaroaren 29an San Saturnino ere ospatzen dute, modu berezian ospatu ere, laia lasterketa baten bitartez (laia garai batean lurra eskuz goldatzeko erabiltzen zen tresna da). Gainera, urtero ekainaren bukaeran, Artaxoako historiari buruzko topaketak egiten dira, ekitaldiz josiak: artisauen azoka, ezkila-jotzea, merkatua, falkoneria erakustaldia eta bisita gidatuak Zerkora.

Eskuz egindako produktuak atsegin badituzu, hemen era askotako gauzak erosteko parada izango duzu: harrizko eskulturak, pilota jokorako materiala, “El Cerco” turroi eta pastak, eta Ochoa Echeverria anaien hestebete tradizionalak.

Halaber, inguruetan, Enerizko ataka eta Ferrangorteko La Mina trikuharriak daude. Hara joateko, kanposantuaren atzealdean dagoen bidea hartu beharko dugu.