principal-personajes-ilustres

JOSE MARIA JIMENO JURIO

Manuel Lekuona saria 1998
Jose Maria Jimeno Jurio Artaxoan jaio zen, Nafarroan, 1927ko maiatzaren 13an, nekazari familia batean. 1947an, Lehen Hezkuntzako Irakasle titulua lortu zuen, eta irakasle aritu zen Nafarroako Noain eta Lerga udalerrietan.
Iruñeko apaizgaitegian sartu zen. Hor, humanitateen arloko ikasketak bukatu zituen eta apaiz ordenatu zen. Zangozan, Beriainen, Altsasun eta Asiainen aritu zen apaiz. Altsasun, irakasle izan zen Erdi Mailako Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Institutuan. Are, institutu horretako ikasketaburu ere izan zen.
Garai horretan, jada, tokiko etnografiarekin, artearekin eta historiarekin lotutako zenbait gai landu zituen. Lan horiek garrantzi handiko obren hastapenak izan ziren.
Jimeno Jurio 1970ean sekularizatu zen, 1972an ezkondu zen eta seme bat izan zuen. 1985era arte, Iruñeko Done Petri auzoko liburutegiko zuzendaria izan zen. Une horretan, Iruñeko Arroko toponimia biltzeko proiektua jarri zuen martxan. Lan horren emaitzak Euskaltzaindiaren Onomasticon Vasconiae sailean argitaratu ziren. Izan ere, erakunde horretako Onomastika Batzordeko kide izan zen Jimeno Jurio.
1991tik aurrera, Nafarroako toponimia biltzeko prozesua zuzendu zuen (Nafarroako Gobernua – Trabajos Catastrales SA). Lan horren harira, 45 liburuki argitaratu dira gaur egun. 90eko hamarkadan, euskararen historia aztertu zuen, eta gai horri buruzko zenbait liburu eta hogei bat artikulu argitaratu zituen.
Eusko Ikaskuntzako zuzendariorde izan zen, Nafarroaren aldetik: 1979ko maiatzetik 1980ko abendura arte, eta 1983ko urritik 1987ko apirilera arte. 1991n, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen.
Herriak ere eskertu zuen haren lana, eta horren erakusle dira Jimeno Juriok jaso zituen sari eta izendapenak, besteak beste: Tafallako Olentzero saria, Tafallako Cuto Divino ordenako ohorezko kide izendapena, Ameskoako Luciano Lapuente saria, Euskal Dantzarien Biltzarreko ohorezko presidente izendapena eta Los del Bronce elkarteko ohorezko bazkide izendapena. Horrez gain, 1995eko azaroan, hainbat kultura-erakundek omenaldi hunkigarria egin zioten. Ekitaldi horretan, laurehun pertsona inguruk hartu zuten parte. Sabino Arana fundazioak ere saria eman zion 1997an.
HISTORIAN IZAN DIREN ZENBAIT PERTSONA OSPETSU
JOSE MARIA JIMENO JURIOren azterlanak
Nafarroako herri guztietan izan da Elizako gotzain izatera iritsi den gizonezkorik, ordenaren bateko apaiz ospetsu izan den gizasemerik edota komenturen bateko ama nagusi izan den emakumezkorik.
Artaxoar kapareen historia hain da oparoa liburu bat ere idatz litekeela. Hizpide izango ditugu, besteak beste, honako hauek: Juan Araiz Eza Gaztelu jauna, Ezako bizkondeen etxekoa, udalerriko alkate izan baitzen urte askoan, eta Artaxoa ordezkatu baitzuen gorteetan 1642tik 1645era. Francisco Echagüekoa Lasterrakoa lizentziaduna, Nafarroako Errege Auzitegietan aritu zena abokatu eta kontalari gisa XVII. mendean. Juan Echaidekoa aitoren seme eta kapitaina, Espainia Berriko Mexikotik zenbait opari bidali zituena bere parrokiara.
Lasterra abizenak lotura handia du Artaxoarekin, etxe horretako seme bat izan baitzen Nafarroari Jerusalemgo Ama Birjinaren altxorra oparitu ziona. Lasterra etxeko gizonezko bat Zerkoko espetxeburu izan zen Karlos III.a Prestuaren garaian. Garai hartan, ere, lasterratar bat Frantziako Tolosa hiriko kalonjea izan zen. Horrez gain, Lasterra etxekoen artean izan ziren: leinu argiko zaldunak, beren zaldi eta armak zituztenak; Inkisizioko Ofizio Santuko komisarioak; San Joan Maltakoa Ordenako zaldunak, eta, zaldun militar izateagatik, Gorte Orokorretan parte hartzera deitzen zituzten eta bertan eserlekua zuten beste batzuk ere.
– Lope Artaxoakoa, Iruñeko gotzaina (1142-1159): Iruñeko kalonjeen artean hautatu zuten gotzain Lope. Haren ezaugarrien artean, honako hauek nabarmendu zituen Goñi Gaztambidek: “negozioetan eskarmentu handia zuen, trebea zen eta kementsua. Horrez gain, erlijio-gizon garbia zen eta sakrifizioak egiteko adorea zuen”. Antso Jakitunaren jazarpenari egin behar izan zion aurre. Gainera, bere kalonjeetako batzuk matxinatu egin zitzaizkion, eta bere lagun eta herrikideak indarrez ebasten saiatu ziren.
Lopek ordena erlijiosoei laguntza eman zien, eta, hura gotzain zela, Olivako eta Tulebrasko monasterioak eraiki ziren. Lopek San Martin Unxeko eliza sagaratu zuen (1156). Haren arreba bat, Andre Semera, Artaxoan bizi zen 1158an.
– Pedro Artaxoakoa edo Pariskoa, Iruñeko gotzaina (1167-1193): Goñi Gaztambide biografoaren arabera, “San Fermin diozesia zuzendu duten gotzainik nabarmenetako bat izan zen Pedro Artaxoakoa”. Gaztambideren arabera, “Pedro Artaxoakoa ikasia eta trebea zen, baita malgua eta kementsua ere. Hogeita sei urte luzez izan zen gotzain eta, hura gotzain izandako garaia diozesiko une gorenetako bat izan zen”. Letrango III. Kontzilioan egon zen (1179) eta kuria diozesiarra berrantolatu zuen. Berrantolatze-lan horretan, bikario orokorraren kargua ezarri zuen lehen aldiz. Gotzain zela, hainbat lorpen egin zituen; adibidez, Irantzu Monasterioa fundatzea. Bere anaia Zacariasi agindu zioten monasterio hori egitea. Zacarias Kuria Deiko monako zistertar bat zen, Orleansetik gertukoa. Haren beste anaia bat, Lope, Iruñeko kalonjea izan zen.
– Martin Ororbiakoa jauna: Donejakue Ordenako zalduna izan zen, eta Karlos II.a erregeari zerbitzua eman zion erreinaldiaren hasieratik (1665). Erregearen idazkari izatera iritsi zen, bai eta Italiako Nabigazioaren Estatu Idazkaritzako ofizial eta Eskubide Unibertsaleko ofizial ere. Merezimendu pertsonalengatik, Karlos II.ak Nafarroako Gorteetan parte hartzeko aukera eman zion, militar zen aldetik, aitoren seme eta zaldun baitzen; parte hartzeko aukera eman zien bai hari, bai eta Artaxoako Ororbia Etxeko haren ondorengoei ere. Martin Ororbiakoa 1711n zendu zen, Madrilen. Hil aurretik, maiorazko bat sortu zuen eta zuzkidura bat utzi zuen herriko neska umezurtzentzat.
Hura hil baino urte batzuk lehenago, 1699an, haren anaia Jose Ororbiakoa zendu zen Espainiako hiriburuan, Donejakue Ordenako zalduna eta, hura ere, erregearen idazkari.
– Anaia Carlos Baionakoa eta Ortizkoa, O.P. (1630-1682): Gracian Baionakoaren lau semeetatik bigarrena zen. Anaia Clemente Alvarezek, Guadixeko gotzain izango zenak, honako hau adierazi zuen hari buruz 1663an: “Alcalako eskolako ikasleen irakasle den aitak, Karlos anaiak, denetatik daki.
Hobe esanda: dena daki”. Teología Complutense saila martxan jarri zuen, eta haren lehen liburukia idatzi. Irakasle gradua lortu zuen Valladolideko Unibertsitatean, 1666an. Espainiako errege Karlos II.ak aitor-entzule izendatu zuen 1680an. Urte hartan, esker ona adierazteko jai handi bat egin zioten herrian. Anaia Juan Rodriguezek eman zuen predikua ospakizun hartan, komentuko eta Iruñeko Donejakue Unibertsitateko zuzendari zenak. Predikuan, artaxoarraren dohainak nabarmendu zituen: “Valladolideko San Paul komentu entzutetsuko semea da, bai eta Arteak eta Teologiako irakurle eta unibertsitate hartako goizeko katedradun ere, kolegiozkoa, ikasleen irakasle eta ikasketaburua San Tomás de Alcalá ikastetxe guztiz entzutetsuan, goizeko katedradun Atenasen, bere etxeko priore, probintzia honetako bisitari, maisu eta, azkenik, Bere Maiestatearen aitor-entzule, nire erlijioko lori, Espainiako argi, Nafarroako ohore eta herri honetako, Artaxoako, loriazko ikur”. Haren sortetxeko atariko ateburuan, bada garai hartako idazki bat, egun horren oroigarri. Anaia Carlos 1682ko martxoaren 19an hil zen.
Haren anaia Ildefonso Baionakoa (1634-1685) Artaxoako benefiziadua izan zen, baita Santa Maria Sarkoaren kolegio-elizako priorea, eta Compostelako Donejakue katedraleko kalonjea ere.
– Jose Ororbiakoa eta Errotakoa jauna (1687-1773): Notario publiko apostolikoa izan zen, eta ikertzaile jakintsua. Lan interesgarria egin zuen antzinako dokumentuak kopiatzen; are, haren lanari esker gorde ahal izan dira egundaino. Parrokiako artxiboko datuak erabiliz, bi monografia egin zituen: lehena, herriko elizei eta baselizei buruzkoa; eta, bigarrena, Jerusalemgo Ama Birjinari buruzkoa.
– Agustin Lopez Retakoa, Miguel jaunaren semea, alkate eta Nafarroako Gorte Nagusiko buru izandakoa. Gizon jakintsua izan zen, eta poeta arima zuen. Antonio Hurtado Mendozakoak bertsotan idatzitako “Gure Andrearen Bizitza” lana idazten jarraitu zuen. P. Perez Goyena nahastu egin zuen zehaztasun horrek, pentsatu baitzuen Artaxoako presbitero zela, baina, egiazki, Catalina Prieto eta Normant andrearekin legez ezkondu zen eta hamabi seme-alaba izan zituen harekin (1600).
– Aita Jose Madoz eta Moleres, S. J. (1892-1953). Bogotan lehen argitalpen zientifikoak egin zituen. Oña monasteriora joan zen bizitzera, eta apaiz ordenatu zen 1924an. Liburu asko idatzi zituen eta hainbat lan egin zituen zenbait aldizkari eta hiztegirentzat. Hura hil ondoren, ohar biografiko bat argitaratu zuten Revista Española de Teologia aldizkarian. Ekar ditzagun hona ohar horretako zenbait esaldi: “Nabarmenetan nabarmenena izan zen espainiar patristikan eta patrologian. Antzinako Espainia ezagutzen duten pertsonen artean bera da jakintsuena eta azkarrena”. (B. Capelle). “Eruditissimus ille inter patristicos Iberiae” (E. Dekkers). “Dena daki Erdi Aroko egileei edo egile patristikoei buruz” (J. De Chellinchk).
– María Pilar San José Zabaleguikoa, ahizpa domingotarra (1862-1930): Maisu nazionala izan zen, eta Iruñeko Jarauta kaleko Dominiken Ordenan sartu zen. Mojagaien maisu, barnetegiko zuzendari eta priore izan zen. San Joan auzoko Dominika Misiolarien Etxe eta Mojagaitegia sortzen lagundu zuen, eta erakunde horretako lehen priorea izan zen. Bikario nagusi aukeratu zuten, eta Perun barrena ibili zen. Iruñean hil zen, santutasun usain gozoa zabalduz, 1930eko urriaren 3an.
– Félix Zabalegui Catalán (Tartaria) (1845-1903): Pertsonen galeria labur eta estu honekin bukatzeko, entzute handiko pertsona bati buruz arituko gara, berta-bertakoa. Tartaria ezizenak joan den mendeko poeta herrikoi argi baten izena eta bi abizenak biltzen ditu. Artaxoako bizimoduaren berri eman zuen, kantuz, lauko txikian eta bosteko txikian. Bertso asko egin zituen, eta, bertso horiek guztiak argitaratzeko modukoak ez badira ere, batzuk ekarriko digu hona.
San Babil jaia, urtarrilekoa. Meza nagusiaren ondoren, kofradiakideak bildu dira hamarretakoa hartzeko. Ohiko plater bat jaten ari dira: kapoia. Meza bukatzean, baselizako kapilauak bosteko txikia bota dezala eskatu dio Tartariari, oina emanda (5. bertsoa): “Pa san Babil los capones”.
Ez bat ez bi, Tartariak bertso hau bota dio:
“Si me asomo a los balcones
de la casa el capellán,
diré con buenas razones:
Yo creo que no serán
pa san Babil los capones”.
Uda. Artaxoako jornalariek mendira joan behar dute, jornal batzuk irabaztera. Tartaria mahuka-erdirik gabe geratu da. Andre zahar bati galtzerdi zahar pare bat eskatu dio besaurreetan jartzeko. Andre zaharrak ezezkoa eman dio, eta Tartariak, igitaia zorrotik atera eta hura eskuan duela, honako hau esan dio andreari, irribarre maltzur batez bere aurpegi argal eta beltz horretan:
“El remedio está en la mano;
¡inútiles son las quejas!
Si a Usted la parto por medio
ya tengo dos medias viejas”.