Artaxoa eta Euskera
Artaxoako landak euskaraz egiten du
Antzinaroko eskribauek hizkuntza ofizialean idazten zituzten agiriak, hots, latinez edo erromantzez, halaxe baitzuten aginduta. Herritarrek, alabaina, ama hizkuntzan ulertzen zuten elkar: euskaraz. Horregatik, Antzinaroko testuetan hizkuntza horretan idatzita ageri dira mendien, sakanen, erreken, putzuen, iturrien, haitzen, bideen, eskorten eta abarren izenak. Zenbaitetan, ordea, eskribau haiek gaztelaniara itzultzen zituzten euskarazko deizioak. Horregatik, XVI. eta XVII. mendeetako dokumentazioan, adibidez, “Santa María la Blanca” izena jaso zuten eskribauek, baina herriak jatorrizko izenari eutsi zion: “Saindu Zuria”, “Sandizuria”.
Hona hemen zenbait eskorta izen:
GUENCE, KORTEBERRIA, SANTSOAIN, ARTAPERREA, AITAKAIO, SARREA, SAZULUCEA, GILIGORTEA, OTSONDOA, SARAGORRIA, TXIRITURRIA, KORTETXIKITA, OLAGORRIA….
Herriak zerabilen euskara gorde du Artaxoako landak. XIX. mendeaz aurretiko dokumentazioan jasotako euskara, hots, Nafarroako Erresumak identitate-krisi handi hura bizi zueneko euskara, bizia eta freskoa da. Garai hartan Artaxoan entzun zitekeen euskara garbia eta jatorra zen, gaur egun Larraunen edo Goierrin hitz egiten denaren antzekoa; egungo edozein euskal hiztunek erraz ulertzeko modukoa. Gerora, ahanzturaren hautsek itxuraldatu egin zuten gure arbasoek Artaxoan erabiltzen zuten milaka urteko hizkuntza hura.
Hizpide dugun garai hartan, harria harri gainean zirauten, oso-osorik iraun ere, Zerkoko harresiek, dorreek eta portaleek, zehazki: “Aziariz portaleak”, “Mose portaleak”, Aitzaldeak, Erremaguak eta San Migelek. Azken hori santuaren basilikaren aurrean zegoen. Hor zuen erroa “Cofradía Mayor” izeneko kofradiak, 1549. urtean Charles Andía “buruzagi” zuenak. Harresiaren kanpoko hegalari “Zerco Ondoa” esaten zitzaion (egun “Zercondoa”). Hura “Jus el Cerco” edo “Zercopea” izeneko inguruaren aurre-aurrean zegoen. Garai hartan, eta gaur egun ere, “Rabal” izenaz zen ezagun inguru hori.
Administrazio-egiturari dagokionez, aurreko mendera arte herrigunea lau “Zendeatan” zegoen banatuta : “Haitzaldea” (Arizaldea), Erremagua, Sancho Ortiz eta Lope Rey. Erdi Aroaren bukaeran, kale berri bat sortu zen herriaren beheko aldean. Kale hari izen deskriptibo zehatz bat jarri zioten: “Barren dinda”, “Barredinda”. XX. mendean, ordea, izena aldatu zioten kaleari, eta “Calle Mayor” izen inpertsonala jarri zioten 1987ko kale-idazkun berrietan; kultura-jarreren eta -gustuen egiaztagiri publiko argigarria.
Mendiei dagokienez, beste batzuen artean, baziren izen hauek: Arotz mendia, Belatz mendia, Galindos mendia, Osoz mendia, Mairumendia (“Marimendia”, gaur egun), eta “Haizerrota mendi hondoa”. Antzina ere, bazen ohitura herriko jendeari ezizenak jartzeko. Horrela bada, 1300. urtearen bueltan, izan ziren Artaxoan Ansa LABURRA Mendia” (=Ansa Motza edo Xuhurra), María TXIRRIA, Elvira MUTIL EDERRA, María ALDAGORRI, Elvira SUBERRIA, Ansa EDERRA TXIRRIA eta Ansa LEUNA.
Era berean, hainbat modu zeuden eskortak (“korte”, “gorte”), larreak (“euntze”), legardiak (“sazu, zazu”), harkaitzak (“haitz, arri”), aldapak (“alda, aldai”) eta beste elementu batzuk izendatzeko, edo bata bestearengandik bereizteko. Elementu horietako batzuek, zer ingurutan egon, haren izena hartzen zuten; beste batzuek, aldiz, antroponimoak zituzten (hau da, dena delako eskortaren edo lursailaren jabearen izena); eta baziren, era berean, adjektiboak hartzen zituztenak, hala nola “Antxapele gortea” (“Chapelangortea”, gaur egun), “Ferrangortea” (“Farangortea”, gaur-gaurkoz), “Korte berria”, “Korte txikieta”, “Gorte estalia”, “Untzabale gortea”, “Txiri iturri gortea”, “Gaztelu gortea” (zerkoko eskorta), eta “Olazare”, “Arotzare”, “Gile”, “Mari migueleze”, “Mateare”, “Paskoale” eta “Romae” gorteak.
Nahiko zabalduta zegoen larreak, legardiak, aldapak eta beste elementu geofisiko batzuk izendatzean adjektiboak erabiltzeko ohitura. Normala den moduan, batzuk errepikatu egiten dira, hala nola “andi”, “txiki, txipi”, “biribil, berebil”, “luze”, “zabal”. Horren adibide dira “EUNTZE AUNDIA, EUNTZE TXIKIA, EUNTZE BIRIBILLA” (azken horren egungo gaztelaniazko deizioak “Práu redondo” eutsi egin dio euskarazkoan bildutako ezaugarri horri. “Sazu andia”,”Sazu txipia”, “Zazu berebilla”, “Zazu ertea” edo “SAZORTEA” eta “Zazu luzea” edo ”SAZULUZEA”.