Corralizas Sozietatea.
Benetan bitxia da gaur egun Sociedad de Corralizas y Electra de Artajona izenez ezagutzen dugun sozietatearen historia. Jabetza soilik partikularretatik abiatuta, irabazi-asmorik gabeko erakunde soziala sortu da, herriko edozer proiektutan laguntza emateko prest dagoena. Era berean, Sozietateak helburu izan du, hasiera-hasieratik, Artaxoak ekonomia-, industria-, kirol- edo kultura-baliabide onak izan ditzala. Helburu hori betetze aldera, makina bat proiektu bultzatu ditu.
- urtean sortu zenetik mende hasierara arte, Sozietateak ezin konta ahala proiektu gauzatu ditu eta ezin konta ahala diru-laguntza eman ditu, adibidez: 1887. urtean lehen ikastetxea eta merkatu-plaza eraiki zituen; 1902an argiteria publikoa jarri zuen; gerraondoan jatenerako diru-laguntza eman zuen, eta egun oinetako-fabrika, udal-igerilekua edota hiltegia dauden lurrak laga zituen. Horrez gain, ur-horniketaz eta Arga ibaiko nahiz, gerora, Riezu ibaiko urak saneatzeaz arduratu zen.
SOZIETATEAREN LEHEN URRATSAK
Estatuak, desamortizazio-legeak betez, enkantean jarri zituen udalerriko Cortechiquita, Campadera nueva eta Saragoria eskortak.
Herriko batzuek pentsatu zuten lur horiek pertsona arrotzek eskuratuz gero herrikoen kalterako izango zela eta, aitzitik, herrikoek eskuratuz gero, abantaila handiak izango zituztela. Horregatik, aipatu lurrak erostea erabaki zuten, eta herri-lur bihurtu. Horrela bada, Mauricio Aparicio jauna, herritarren agindua betez, Madrilen 1865eko ekainaren 19an izandako enkantera joan zen, eta lurrak erosi zituen.
Urte horretako urrian, hiru eskortak laga zizkien, legezko izapideak betez, Juan José Iriarte Echagüe jaunari, Antonio Zalduendo Santesteban jaunari, Martín Catalán Cartagena jaunari, Fermín Arroiz Ororbia jaunari eta Matías Oficialdegui Ganuza jaunari, hiribildu honetako bizilagunak, guztiak ere. Horrela bada, gizon horiek guztiak hiru eskorten jabe bihurtu ziren, zati berdin eta banaezinetan.
Garai hartan ere, estatuak Chapalangortea edo Guence eskorta jarri zuen salgai. Haren enkantea 1865eko ekainaren 19an izan zen, eta han izan zen Manuen Gurucharri Ezcurra jauna. Egun hartan, hizpide dugun eskorta sozietateko ondasunen zerrendara gehitu zen.
Erosleek ez zituztenez lur horiek etekin pertsonalerako nahi, baizik herriaren mesederako, Artaxoarrei laga zizkieten parte-hartzeak eta, ondorioz, parte-hartzaile nagusi bihurtu. Hona onduradun suertatu ziren artaxoarren zerrenda: Ramón Marín Solano jauna, Miguel Janices Zubicoa jauna, Javier Zabalza Goya jauna, Matías Gil Ibarrola jauna, Remigio Jimeno Esain jauna, Lino Lascarro Iriarte jauna, Luis Domezáin Lasterra jauna, Jesús Mendívil Munárriz jauna, Juan Pérez de Ciriza Iriarte jauna, Cesáreo Arriarán Martínez de Morentín jauna, Martín Arellano Munárriz jauna, Ruperto Berástegui Ganuza jauna, Wenceslao Cilveti Iriarte jauna, Bernardo Echeverría Osés jauna, Sotero Yabar Vergara jauna, Agustín Jurío Oficialdegui jauna, Gregorio Macaya Belunza jauna, José Sola Mendioroz jauna, Santiago Urdíroz Ganuza jauna, José Huarte Ortiz jauna, Cleto Zabalegui Esparza jauna, Calixto Jimeno Esáin jauna, Francisco Iriarte Buzunáriz jauna, Juan Cruz Buzunáriz Suescun jauna eta Fermín Gurucharri Zubiri jauna.
Sozietatea eratzeko eskrituran jasotako lehen baldintza Zuzendaritza Batzorde bat eratzea zen. Batzorde horrek zazpi kide izango zituen, urte erdian behin alda zitezkeenak. Xedatu zen, era berean, gordailuzain bat eta idazkari bat izendatzeko beharra. Horrez gain, zuzendaritzari ahalmena eman zitzaion, batetik, lau eskortak administratzeko eta ustiatzeko eta, bestetik, horietatik ateratako produktuak egoki iritzi zion moduan inbertitzeko.
Eskrituran adierazi zen, halaber, eskriturara bil zitezkeela hala eskatzen zuten Artaxoako bizilagun guztiek. Horiek horrela, Sociedad de Corralizas izeneko jabe-elkartea edo Mankomunitatea eratu zen. Eskrituran ahalmena eman zitzaion Batzar Nagusiari zazpi lursailak lagatzea, saltzea, trukatzea edo zergapetzea erabakitzeko; eta, Zuzendaritza Batzordeari, hark hartutako erabakiak betearazteko ahalmena eman zitzaion. Batzar Nagusian zein Zuzendaritza Batzordean, erabakiek botoen gehiengoa lortu behar zuten baliozkoak izateko.
1887ko ekainaren 12an, Sociedad de Corralizas elkarteak hiru lursail erosi zituen Saragoría eremuan: bi lursail erosi zizkien Isidro Catalán Jaurrieta jaunari eta haren emazte Ildefonsa Camón Fernández andreari; eta beste bat erosi zien Agapito Izura Berango jaunari eta Salomé Zabalegui andreari.
1887ko abenduaren 2an, Altaparrea eskorta erosi zuen, eta, 1893ko maiatzaren 24an, soro bat eskuratu zuen Cortechiquita eremuan, ordura arte Andresa Armendáriz andrearena izandakoa. 1894ko maiatzaren 30ean, Artadia, Sarrea eta Majada eskuratu zituen enkante batean. Hortik hiru urtera, 1897ko uztailaren 23an, aurreko ondasun horiei Gilingortea, Aitacayo, Sansoain, Corteverría, Sazulucea, Olagorrí eta irin-errota bat batu zitzaizkien.
1902ko abenduaren 31n, Sozietateak etxe bate eta soro bat erosi zituen La Recueja ingurunean. Lino Lascarro jaunari erositako lurretan, irin-errota eraiki zuen Sozietateak. Errota hori irin-fabrika bihurtu zen 1910. urtean, eta haren jarduera Sozietateko diru-iturri nagusia izan zen.
Kideek ardura pertsonal handia hartua zutenez, eta kezkatuta zeudenez egoera honek ez ote zituen beren interesak arriskuan jarriko, Sozietate Zibil bat eratzea erabaki zuten, aurrekoaren jarraipena izango zena.
Horrela bada, 1913ko apirilaren 9an, Sociedad de Corralizas y Electra de Artajona sozietatea eratu zuten. Hortik hiru egunera, hilaren 12an, enkantean jarri zuten Sozietatea, 364.312,24 pezetatan, eta 1.000 pezetako eskaintzak egin ziren. Ordutik aurrera, Victorino García Enciso izan zen Sozietateko presidente.
Horrela sortu zen Sociedad de Corralizas sozietate berria. Artaxoarrek gogoan izango dute sozietate horren ibilbidea; adinekoek, bereziki.