Caravaca de la Cruzerako bidea
Kristautasunaren bosgarren hiri santua da Caravaca de la Cruz, Jerusalemen, Erromaren, Santiago de Compostelaren eta Santo Toribio de Liébanaren ondotik. Badira Murtziako herri ezagun horretara joateko zenbait pelegrinazio-bide; horietako bakar bat ere ez da 200 km luze baino gehiago.
Baina bada hara eramaten duen bide bat, Tenplarioen Bidea, 870 km dituena. Orreagan hasten da, Donejakue bide frantziarra hasten den tokian, eta Nafarroa, Aragoi, Valentzia, Gaztela-Mantxa eta Murtzia zeharkatzen ditu. Erabateko erronka da pelegrinentzat, hilabete bat beharko baitute oinez hara iristeko, eta era askotako ibilaldiak egin beharko baitituzte. Abentura erabat aberasgarria da bide hori egitea. Pausoz pauso, balio handiko ohiturak, paisaiak, kultura eta historia ezagutuko ditugu, eta bidean antzemango dugu, era berean, antzekotasun eta desberdintasun handiak daudela leku batzuk eta besteen artean.
Donejakue bideari jarraituz Garesetik atera eta hegoaldera eginez gero, Artaxoara iritsiko gara. Bidearen alde bietara pinuak ikusiko ditugu, bai eta arteak, makalak, haritzak, urkiak, erromeroa, ezkaia, izpilikua, soro ureztatuak eta, han-hemenka, tokiko landaredia basatiki hasten den zenbait gune. Egiazko gurutzerako bideak goitik behera zeharkatzen du Nafarroa, eta herri hauetatik igarotzen da: Martzilla, Alesbes, Castejón, Tutera…
Itineris coma elkartearen webgunerako esteka