Ayuntamiento de Artajona / Artaxoako Udala

Folklore, festak eta erromeriak

SAN JUAN EGUNA

TURISMOA – FOLKLOREA, FESTAK, ERROMESALDIAK

Data: Ekainaren 24a
Ekitaldi nagusiak: San Juan egunez oso ospakizun gutxi daude; meza-elizkizuna baino ez da egoten. Baina, gauean, suak pizten dira herri osoan; San Juan auzoan, bereziki. Auzo horretako bizilagunek, gainera, elkarrekin afaltzen dute San Juan gauean.

 

JERUSALEMGO AMA BIRJINAREN EGUNA

TURISMOA – FOLKLOREA, FESTAK, ERROMESALDIAK

Data: Irailaren 8a
Ekitaldi nagusiak: Meza-elizkizunera joateko ohitura dago, Jerusalemgo Ama Birjinaren omenez egiten baitira jaiak. Ondoren, prozesioa egiten da herriko kaleetan, gure zaindari Jerusalemgo Ama Birjinaren irudia bizkar gainean hartuta. Arratsaldean, zezenketa egon ohi da.

 

SAN ISIDRO EGUNA

TURISMOA – FOLKLOREA, FESTAK, ERROMESALDIAK

Data: Maiatzaren 15a
Ekitaldi nagusiak: Eguna hasteko, San Isidroren omenezko goiz-ereserkia kantatzen da herriko kaleetan. Ondoren, prozesioa eta meza-elizkizuna izan ohi dira.

Garai batean, orain baino askoz garrantzitsuagoa zen egun hau, nekazarien patroi baita San Isidro eta, duela gutxi arte, herriko jarduera nagusia zen nekazaritza.

 

Herriko Jaiak

TURISMOA – FOLKLOREA, FESTAK, ERROMESALDIAK

Jerusalemgo Ama Birjinaren omenezko Jaiak

Historia: Herriko zaindari Jerusalemgo Ama Birjinaren omenez egiten dira.
Data: Irailaren 7tik 15era.

Ekitaldi nagusiak:
Jaien aurreko astea: Herriko jaien aurreko astea ekitaldiz beteta egoten da, herriko gazteek, eta hain gazte ez direnek, jaietarako motorrak berotu ditzaten. Aste horretan, antzezlanak egon ohi dira, baita atari zabaleko zinema, pilota-txapelketak, pala-txapelketa eta beste batzuk ere. Jaien atariko horien guztien artean, bada dagoeneko errotu den bat: txistor-jatea. Jaiei hasiera ematen dien suziria bota aurreko larunbat arratsaldean izaten da txistor-jatea, eta txarangak nahiz herriko gaiteroen taldeak alaitu ohi dute giroa.
Jaien aurreko aste horri akabera emateko, dantzaldia izan ohi da larunbat gauean, hots, txistor-jatearen egunean, gauez.

Jaiak:
Irailaren 1ean eguerdiko ordu batean (txupinazoa bota ondoren) herria erabat aldatzen da. Herria oso lasai da, baina, jaiak hasten direnean, herritarrek gorabehera eta hizka-mizka guztiak alde batera utzi, eta dena emanda gozatzen dituzte herriko jaietako bederatzi egunak.

Artaxoarren egunik kuttunenetako bat irailaren 8a da, Jerusalemgo Ama Birjinaren Eguna baita.
Egunsentian, hau da, goizeko 07:00etan, Ama Birjinaren omenezko goiz-ereserkia kantatzen da, herriko kale garrantzitsuenetatik, musika-bandak lagunduta. Eguerdiko hamabietan meza nagusia izaten da, Ama Birjinaren omenezkoa. Ondoren, ohiko prozesioa egiten da Artaxoako kaleetatik. Esan gabe doa Jerusalemgo Ama Birjinaren irudia basilikatik herrira eramaten dutela egun horretarako propio.
Ekitaldi horiek dira hunkigarrienak artaxoarrentzat; berdin bertan bizi direnentzat zein, dena delakoagatik, herritik kanpo bizitzea joan diren horientzat, batzuek zein besteek ez baitiote tradizio horri huts egiten. Prozesioan udalbatzako kideek, Zurriagalde musika-bandak eta Dorreberria erraldoi-konpartsak hartzen dute parte. Bada, era berean, prozesioa aurretik igarotzean Ama Birjinaren irudiari jota bat kantatzen dion artaxoarrik ere.

 

AMA BIRJINAREN ERROMESALDIA

TURISMOA – FOLKLOREA, FESTAK, ERROMESALDIAK

Data: Maiatzeko aste bat
Ekitaldi nagusiak: Jerusalemgo Ama Birjinaren bederatziurrena da. Erlijio-ekitaldiak izaten dira elkarren segidako bederatzi egunez, jaunartzeak egiten diren igandera arte. Tradizio hau oso errotuta dago edadeko jendearen artean, debozio handia sentitzen baitute Ama Birjinarengana.

 

SAN BARTOLOMERA ERROMESALDIA

TURISMOA – FOLKLOREA, FESTAK, ERROMESALDIAK

Data: Abuztuaren 24a
Ekitaldi nagusiak: Erromesaldia egiten da San Bartolome baselizara, eta han meza ematen da.
Duela urte gutxi batzuk arte, elizkizunaren ondoren jendeak han inguruan bazkaltzen zuen, landan. Gaur egun, ordea, lunch bat eskaintzen zaie mezetara joan direnei, baselizaren atarian eta inguruko lorategietan.

 

SAN ANTON

TURISMOA – FOLKLOREA, FESTAK, ERROMESALDIAK

Data: Urtarrilaren 17a
Ekitaldi nagusiak: Txerriaren zozketa sonatua egiten da, eta hainbat ekimen egoten dira, ororen entretenimendurako.

SAN JOSE

TURISMOA – FOLKLOREA, FESTAK, ERROMESALDIAK

Data: Martxoaren 19a
Ekitaldi nagusiak: Asteburu horretan, jai txikiak edo gazte-jaiak egiten dira herrian.

SAN SATURNINO

TURISMOA – FOLKLOREA, FESTAK, ERROMESALDIAK

Data: Azaroaren 29a
Ekitaldi nagusiak: Krosa, BTT lasterketa eta el Layas igoera egiten dira. Horrez gain, Artaxoako patroiaren omenezko meza bat egiten da eta, ondoren, gaztainak eta ardo-baso bana ematen zaie bertaratuei.

Volver arriba