Alkatearen agurra
Ongi etorri Nafarroako herririk politenetako baten web orrira. Toki ederra izateaz gain, gure herriak badu historia luze eta berezi bat; Artaxoa erresuma independentea izan baitzen ia sei urtez.
Herrian badira oso ondo zaindutako historiaurreko zenbait aztarna, hala nola TRIKUHARRIAK (benetako katedral megalitikoak), DORRE (denboraren joanak oso ondo tratatu ez duen historiaurreko herrixka), eta, hiribilduaren altxorrik handiena: MILIARIOA, hau da, erromatar galtzadetan milia pausutik behin jartzen zen zutabea (udaletxeko ganbaran dago ikusgai).
ZERKOA. Herriaren goiko aldean, Nafarroan dagoen Erdi Aroko harresi-barruti bakarra dago. Badu, era berean, berritze bidean den gotorleku-eliza bat. Nabarmentzekoak dira, halaber, gure kaleetako fatxadak apaintzen dituzten ARMARRIAK, baita herrian dauden BASELIZAK, SAN PEDRO ELIZA eta JERUSALEMGO AMA BIRJINAren irudi baliotsu eta urre kolorekoa ere. Azken hori Jerusalemgo Ama Birjinaren basilikan dago, Bihotz Sakratuen fraideek zainduta.
Baina Artaxoako gatza eta piperra bertako bizilagunak dira. Artaxoarrak alaiak, abegitsuak eta langile finak dira. Bertakoek iraganari eta usadio bitxiei eusten diete: batetik, ezkilak eskuz jotzen dituzte, kanpotik barrura; bestetik, jaietan prestatzen dituzten ajoarrieroak ezagunak dira gure mugez haraindi; eta, azkenik, San Anton egunez zerri bat zozkatzen dute. Baina usadioei eutsi izanak ez die galarazi XXI. mendearen berezko garapen ebolutiboa izatea.
Hobeto ezagutu nahi baldin bagaituzu, bisita gaitzazu. Etorri eta ibili kale malkartsu eta harritsuetan barrena. Jakizu, bidenabar, gure herriko kaleetan barna ibili izan direla Sean Connery, Audrey Hepburn eta beste pertsona ezagun batzuk, hemen filmatu baitira hainbat film luze, film labur, iragarki eta bideoklip. Zatoz, ez zara damutuko. Nafarroako erdialdean gaude, Iruñetik 28 km-ra, Tafallatik 11 km-ra eta Lizarratik 29 km-ra.
Web honetan aurkituko duzun edukia atsegin izango duzulakoan nago. Nolanahi ere, zalantzaren bat baldin badaukazu, ez dudarik egin eta jar zaitez gurekin harremanetan udaletxeko telefono-zenbakira deituz, edo ayuntamiento@artajona.es helbidera posta elektroniko bat bidaliz.
Alkatea
Juan Ramón Elorz Domezain